Xabier Cabezón - licencia CC-BY-NC-SA

Estás en:  >>Página del Leitzaran   >>Prensa   >>Xabier Lasa 1  |   

 

Xabier Lasa kazetariak elkarrizketa hau argitaratu zuen 2016ko otsailaren 19a Aiurri aldizkarian:
Leitzaran bailara webgunean


Leitzaran bailara webgunean

Xabier Cabezon donostiarra Leitzaran.net web orriaren egile eta kudeatzailea da. Gaur gaurkoz Leitzaran bailararen inguruan interneten eskura daitekeen informaziorik aberatsena eskaintzen du, eta ehun bat bisita jasotzen ditu egunero. Ederki asko ezagutzen ditu Leitzarango barrunbeak, ondare arkeologikoa batik bat. Erronka berria du esku artean: euskaraz ere idazten hastea. Gogotsu dago.

Sarean Leitzaran hitza idatzi, eta zure web orria lehenengoetakoa da bistaratzen...
Xabier Cabezon.
Halaxe da. Egia esan, lehia handia dago, “Leitzaran” marka erakunde zein negozio pribatu ugarirena baita, Andoain eta Leitza inguruetan batik bat: ikastetxe bat, Otietako bisitarien etxea, jatetxe bat, pintura eta grafika enpresa bana... Madrilen ere bada kale bat Leizaran izena daukana! Bestalde, gai politikoekin nahastuta ere maiz ateratzen da prentsan Leitzaranen gaineko aipamena, Lemoiz eta biolentziarekin lotuta.
.Eus domeinua erregistratu nahi izan dut, baina ezin izan dut. Bere kudeatzaileek esan didatenez, lehentasuna entitate komertzialek daukate.

Zure web orria euskaraz ere aurkezteko asmorik ez al daukazu?
X.C.
Horixe da nire erronka pertsonala etorkizunerako. Bizitzan egokitu ohi diren zirkunstantziak direla medio, ezin izan naiz euskal hiztun bihurtu, baina nire ametsa da euskarekin trebatu eta neroni idazten hastea noizbait. Oso motibatuta nago gai horrekin.

Zer dela eta webgunea?
X.C.
Ez naiz historialaria, ingenieri elektronikoa baizik, baina betidanik interesatu izan zait burdinolen mundua; bestalde, mendizalea ere banaiz. Luis Peña Santiago mendizale eta kazetariak Leitzarani buruz 1976an idatzi zituen bi prentsa artikuluek begiak ireki zizkidaten. Bi ideia barneratzen lagundu zidan Peñak: batetik, mendian asko ibili arren maiz inguruko elementu historikoei ez diegula behar bezala erreparatzen.
Bestetik, Leitzaran ezezaguna egiten zaigun xarmaz beteriko bailara dela gipuzkoar askorentzat. Horrela, Olloki burdinolara abiatu nintzen lehendabizi, eta ondoren, bailara osoko bazterrak, elementu arkitektonikoak... deskubritzeko konpromisoa hartu nuen.


Xabier Cabezon donostiarra leitzaran.net web orriaren egile eta kudeatzailea da

Honezkero, goitik behera zapalduko zenuen bailara...
X.C.
Ahal dudanetan astebururo egiten dut txangoa. Unai semearekin hasi nintzen, baina hark ere bakarrik utzi ninduen unibertsitatean hasi zenean. Saiatzen naiz Mari Paz, emaztea, nirekin eramaten, baina ulertzen dut ni bezalako basapizti batekin ibiltzea erraza ez gertatzea. Lekuak eta elementuak deskubritzeko grina edukitzen dut, pista eta gurdibideak albo batera uztea eskatzen dit horrek, eta horrela, sasiz eta larrez jositako zoko ezkutu edo malkarretan amaitzen dut maiz.

Nondik ateratzen duzu informazioa?
X.C.
Liburu, aldizkari eta prentsa historikotik eta internetetik, batik bat.

Leitzarango bazterrak zein egoeran daude zure iritziz, kontserbazioaren ikuspuntutik?
X.C.
Nire inpresioa da bailara garbiagoa egon zela iraganean; 80ko hamarkadaren hasieran Diputazioak Zikuñaga papertegiari lur sailak erosi zizkionetik errealitatea aldatzen joan da. Zergatik hori? Garai batean zaldi eta gainerako ganadua aske ibiltzen zen larreetan, eta bazterrak txukun mantentzen zituzten. Geroztik, Leitzarango basoan soilik egurra ustiatu da, eta lur sailak hesitu egin dira. Basoak ez dira garbitzen, utzita eta zikin daude paraje asko.

Penagarria da bailarko borda askoren egoera kaskarra...
X.C.
Lur sailak hesitu eta ganadua ezkutatu izanaren ondorioetako bat izan da. Artzainik ez dago zaintzeko eta bizitza emateko, teilatua da erortzen den lehenbiziko osagaia. Makina bat borda ezagutu dut teilatuekin eta ganaduekin barruan; hondatuta daude gaur egun. Esate baterako, Urlioko borda, Santolazeko zentraletik gora abiatuta, pinudi batean, Berastegiko lur eremuan kokatzen dena. Bailara osoan zegoen bordarik dotoreenetakoa zen: hiru logela, sukaldea, argindarra... 2009an atera nizkion argazkiak eta 2015eko abenduan berriro egin diot bisita. Irudiak alderatuta, argi ikusten da sei urteren buruan jasan duen galera. Tristura eta amorrua ematen du.

Leitzaran turismo gune bilakatzen ari da azken urteetan. Nola baloratzen duzu erakunde publikoek daramaten politika?
X.C.
Nafarroa eta Gipuzkoa, bi errealitateak bereizituko nituzke. Nafarroan nahiko ondo ari dira, nekazal giroko turismoa sustatuz, naturbidea zainduz, Huitziko tunela berreskuratuz... Gipuzkoan ere proiektuak jartzen dituzte abian, baina ekinaldi guztiari errentagarritasuna topatzea kostatzen ari zaie. Ez dut uste asmatu zutenik Bisitarien etxea Otietako behe alde horretan kokatuz. Otietara autoan urreratzen diren familiak edo txirrindulariak, zuzenean, bidean gora Nafarroa aldera abiatzen dira, egoitzari bisitarik egin gabe.
Zirkulazioa galerazi dute eta ez nago ziur zergatik izan den, ingurumenarekiko kontzientziagatik ala naturbidea izendatzeak dakarren baldintzagatik. Leitzaranek ez dauka masifikatzeko arriskurik, turismoaren ikuspegitik. Udan ez dut esaten mugatu behar ez denik, baina urtean zehar... Badago jendea betidanik bailaran jardun duena batean edo bestean, eta horiekin malguago jokatu beharko litzateke.

Burdina taldearen kolaboratzailea zara...
X.C.
Gure gizartean ordainezineko eginkizuna betetzen du auzolaneko elkarte horrek. Gehiago lagundu nahi nieke, baina denboraz justu samar ibiltzen naiz, zer esanik ez gerrietatik, atxurra edo pala astintzeko orduan! Tarteka, dokumentazio lanetan eta dakidana eskainiz parte hartzen dut. Badago pentsamendu korronte bat adierazten duena hobe dela ondare arkeologikoa ez argitan jartzea, bakean uztea dagoen bezala; ondatu omen liteke bestela. Kontrakoa egiten du Burdinak, berreskuratu eta jakinarazi. Nik hortik joan behar dela argi daukat. Gure historia ez badugu ezagutzen eta baloratzen, jai dauka gure identitateak.

Goiz batean egiteko, txangoren bat edo beste gomendatuko al zeniguke?
X.C.
Naturaz, ondare historikoaz eta kirolaz gozatzeko museo zoragarri bat da Leitzaran, eta makina bat txango egin litezke, gutxieneko informazioa jaso eta gero. Horra hiru txango, labur esanda: lehena, Plazaolako zentraletik abiatuta Altzadi mendian zehar ibilbide zirkularra.
Bigarrena, ur kanalean zehar joan etorria.
Eta hirugarrena, Ollokira joan etorria, Otieta abiapuntu izanda. Kuttunena da niretzat azken hori. Pare bat orduan bertara zaitezke, eta denetik topatuko duzu paraje xarmangarri horretan: historia askoko bi baserri, Burdinak zati bat berreskuratutako burdinolaren eta ur depositoaren arrastoak, garai batean errekaz bi aldeak batzen zituen zubi polit-polita, tren geltokia, argindarreko zentrala...
Hiru txangoak web orrian aipatzen dira, azalpen eta argazkiez hornituta.

Kosta egiten zaigu sinestea giza komunitate oso bat bizi izan zenik Leitzaranen iraganean...
X.C.
Idealizatu egiten dugu Leitzaran maiz. Ahantzi egiten zaigu bizi baldintza latzetan bizi izan zela ofizio ezberdinetako jendea bertan: olagizonak, ikazkinak, mandazainak, artzainak, meatzariak, trenbidearen eraikuntzako langileak... Askok bizia galdu eta guzti egin zuten bizimodua era duinean atera nahirik! Aitortzen dut neuk gutxi jorratu izan dudala alderdi gizatiar hori. Iñaki Agirreren artikuluak irakurtzea dut gogoko, bide horretatik saiatzen delako.

Xabier LASA


Estás en:  >>Página del Leitzaran   >>Prensa   >>Xabier Lasa 1  |